lunes, 29 de marzo de 2010

dvd | Oteiza tiembla [Vídeo] = Oteiza bere dardar minetan

Oteiza tiembla [Vídeo] = Oteiza bere dardar minetan = Oteiza shivers ; La respiración de la ría = Itsasadarraren arnasa = The river's breathing ; El niño en Orio = Haurra Orion = The boy in Orio / dirección, Félix Maraña y Nuria Ruiz Cabestany.
Donostia : Elixir Films, 2005.
1 videodisco (DVD) (26 min.)
ISBN 8437007876017*

Materias:
Oteiza, Jorge, 1908-2003.
Biblioteca | Mediateca B-(086.86) OTE 

Oteiza Jorge umeaz
Artistaren gogoetetatik abiaturik, Orion bizi izan zuen haurtzaroak utzitako arrastoa birsortu dute dokumental batean Felix Marañak eta Nuria Ruiz Cabestanyk
Ainara Gorostitzu | Berria, 2006-03-22

Haurtzaroan, Orion, bere jaioterrian, hondartzara eramaten zuen aitonak Jorge Oteiza (Orio, 1908-Altzuza, 2003). Hondarretan zeuden zulo zabal batzuek erakartzen zuten umea. Hareazko zuloan ezkutatu eta ahoz gora zeru espazioari begira egoten zen, bere inguruan zuen guztia desagertzen zen bitartean. «Txikia nintzela hondartzako zulo hartan bizi nuen hura nire ezerez txikitik zeruaren ezerez zabalera egindako ihes-bidaia zen», gogoratuko zuen gerora artistak Quousque tandem...! liburuan (1963). Babestua sentitzen zen hareazko zulo hartan, umezaroan. «Haurraren deserosotasun edo itoaldi horretan pizten da gizakiok definitzen gaituen existentziaren sentimendu tragikoa, eta itoaldi hori bera da espirituaren salbaziorako hiru bide posibleetatik filosofia, erlijioa eta artea batera hurbiltzen gaituen sentimendua». Haurtzaroak markatu zion, bada, Jorge Oteizari artearen bidea.

Umezaroko pasadizo horiekin hasten da Felix Marañak eta Nuria Ruiz Cabestanyk artistari buruz egin duten dokumentala: Oteiza tiembla. La respiración de la ría. El niño en Orio (Oteiza bere dardar minetan. Itsasadarraren arnasa. Haurra Orion). DVD euskarrian kaleratu berri duten filmak Oteizak Orion egin zituen urteak birsortu ditu alde batetik, eta, bestetik, Oteizaren beraren irudiak biltzen ditu, hizketan, hausnartzen, isilik.

Oteiza bere dardar minetan Marañak eta Cabestanyk artistari buruz egingo duten dokumental sail bateko lehen alea da. Guztira sei dokumental egingo dituzte. Hurrengoa, Marañaren arabera, datorren urtean kaleratuko dute; Oteiza esperimenta. Arantzazu: expresión y reunión, hain zuzen.

1989-1990. urteetatik zuen Marañak Oteizari buruzko dokumental sail bat egiteko ideia, Euskal Telebistarentzat Euskal Herriko izen propioei buruzko dokumental saila egin zuenetik. Oteizak berak, bada, hil aurretik ezagutu zuen Marañak egin duen pelikularen eskema. «Pelikulaz hitz egin baino, nahiago izaten zuen beti elkarrekin bazkaltzea», gogoratu du Marañak. DVDaz gain, dazleak artistari buruzko bost liburu aterako ditu aurten.

Orion hezi zen artista Oteizaz asko esan eta asko idatzi dela ikusirik, Marañak eginiko gidoia duen dokumentalak artistaren beraren gogoetak bildu ditu: «Oteizak hitz egiten du Oteizari buruz. Oteizarengana Oteizaren bidez iritsiko gara». Artistaren haurtzaroko eta familiako argazkiak, umetako kaleak, jolasak, oroitzapenak, jendaurreko adierazpenak, bere artelanak eta artistak han eta hemen idatzitakoak off-eko ahotsean entzun daitezke bideoan, Marañak berak zituen irudien eta Euskal Telebistaren irudien bidez.

Eta Orio, Orio eta Orio. Artistak jaioterriarekin izan zuen harremana «erabakigarria» izan zen, Marañaren hitzetan bere nortasunean eta artean. «Han ikusi zituen asaldatu zuten irudiak: hareazko zuloetako esperientziez gain, hiltegiak ezagutu zituen, ume sentibera batentzat erabat aztoragarria. Han ohartu zen bere aitona-amonek hitz egiten zuten hizkuntza hura, euskara, berak ez zuela ulertzen». Eta Orion ikasi zuen orea lantzen, Jose Migel Leunda adiskide okinaren etxean. Han egin zituen lehen eskulturak. Eta Orion ikusi zituen arraunlariak, atzera eginez aurreratzen zuten gizonak. «Orion osatu zuen bere mundu sinbolikoa». Oteiza haur sentibera izan zela erakutsi nahi du Marañak, eta ez askok oroitzen duten agure ipurterre hura soilik. Oteiza Jorge haurra izan baitzen. Eta bere bizitza osoa gogoratuko zuen: «Filosofiaren, erlijioaren edo artearen bideetako bat aukeratu duen edonork edo biderik aukeratu ez duenak ere, bere haurtzaroko oroitzapenetan topatuko du bide horietako batera jotzeko duen joera naturala».

Iturria | Berria

Oteiza bere dardar minetan
Maialen Sarasua | Karkara, 2006-01-27


“Oteiza tiembla” Nuria Ruiz Cabestanyk eta Felix Marañak zuzendutako 27 minutuko dokumentala da, azken honen gidoian oinarritua. Interesgarria da gaia, baina baita zaila ere: Oteiza. Felix Maraña berak aitortuta, dokumentalak ez du, ez forman, ez edukian Oteizaren bide estetiko- filosofikoak jorratzeko asmorik. Bere haurtzaroaren isla izan nahi omen du. Artistaren txikitako beldur, jakin min eta egonezinen erretratu, argazkian bezala Orioko herria atzean duela.

Gauzak horrela, ados: ez dago dokumentala bera Oteizaren artelan eran egituratzeko asmorik. Ez haren kontzeptu estetikoez baliatzeko ahaleginik. Ulergarria izan nahi omen du. Mamitua, alegia. Abiapuntua hori da eta eztabaidagarria izan baliteke ere, errespetagarria da. Ez horregatik, eta begirune osoz diot, egokia. Nire ustetan ezin baitira gai guztiak forma guztietan jorratu. Orioko paisaje mugidor baten gainean Oteizaren eskultura bat biraka superposizioan jartzea, ez da zilegi. Bete-betean jotzen baitu, bai eskultura horretan, bai orokorrean Oteizak tratatzen zuenaren kontra. Dokumentalaren forma gaiaren beraren guztiz aurkakoa da.

Erreportaje biografiko batean ez bezala, autoreen asmo sortzailea nabaria da. Eta hori, onargarria izateaz gainera, interesgarria dela uste dut. Baina ez da erronka makala, gaia bera estética eta formaz bustia egonik, nahitaezkoa baita autoreen ekimen sortzailea eta Oteizarena nolabait uztartzea. Ezda horrelakorik gertatzen.

Ezin da hutsuneaz hitz egin hutsunea betez. Irudiak agerikoaz aparteko irakurketarik izaterik nahi ez bada, atera Oteiza bera, erarik xumeenean: hutsean. Ez bête hark nahita hustua. Are gutxiago hartaz hitz egiteko.

Dokumentazioa 
«Oteiza tiembla» devuelve al artista al Orio de su niñez
Gara, 2006-03-22 
El documental 'Oteiza tiembla' se presenta esta tarde en el KM
Félix Maraña y Nuria Ruiz Cabestany dirigen el filme «Todo está basado en lo que dijo y escribió Oteiza»
Ricardo Aldarondo | El Diario Vasco, 2006-03-22
Un documental evoca la infancia de Oteiza desde su pensamiento
La película es el primer capítulo de una serie de seis sobre el artista
M. Marín | El País, 2006-03-22

No hay comentarios:

Publicar un comentario