lunes, 28 de mayo de 2018

#liburuak #hirigintza | Lur gara

Lur gara / Unai Fernández de Betoño.
Astero, Donostia : 2018.
198 p. : il.
ISBN 9788494337376

Ordenación del territorio -- País Vasco.
Urbanismo -- País Vasco.
Urbanismo -- Teoría.
Sbc Aprendizaje A-711.4.01 LUR
http://millennium.ehu.es/record=b1877216~S1*spi

Sei urte eta erdi eman ditut GARA egunkariaren «Gaur8» astekarian hilero idazten, hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren gaurkotasunaz azterketak eta iritziak plazaratzen. Atseden hartzeko unea ailegatuta, argitaratutako azken 40 artikuluak «Lur gara» honetan batu, orraztu eta osatu ditut, baita hainbat oin-ohar eta post-data argigarri gehitu ere, «Hiri gara» liburuari (Astero, 2014) segida emanez, bilduma norbaitentzat interesgarri gerta daitekeelakoan.

Artikuluetako edukietan bilakaera xumea suma daiteke, denbora igaro ahala lurralde-politiketako gaiek gero eta pisu handiagoa hartu dutela. Lurrak eta politikak bikote bereizezina osatzen baitute, gutxienez gizakiok lurraldea antolatzeari ekin genionetik, ingurune naturala geure garapen-ereduaren arabera eraldatuz. Bada, hain zuzen ere, egungo lurralde-antolamenduaren helburu nagusia gizartearen politika guztiei -ekonomikoak, sozialak, ekologikoak, kulturalak- adierazpide fisiko­ espaziala ematea da, eta horrexegatik suertatzen da hain liluragarri. Sekulako eragina duelako herritar guztion eguneroko bizitzan, guztion bizi-kalitatean.

Giza jarduerak -lo egitea, lan egitea, olgatzea, mugitzea- espazialki metatzea ala segregatzea, lurralde jakin batean ala bestean kokatzea, ez da huskeria bat: jendartearen bereizketarako ala kohesiorako tresna garrantzitsu ere bilaka daiteke. Tresna ideologikoa ere badelako lurraldearen antolamendua, sarritan gutxi batzuek soilik ulertzen dituzten teknizismoz beteta nahita mozorrotzen bazaigu ere. Bai antolamendu fisiko ukigarrian bai antolamendu immaterialean erabakiak hartzen dituzten pertsonen etakolektiboen -Mendebalde honetan, gizon zuri, heterosexual, kapitalista eta adin ertainekoek osatuta, gehienetan- pentsamendua nahiko argiro islatzen da. Eskala handiko erabakietatik (Europar mailako trenbide-sare transnazional berri bat eraikitzea, adibidez), tamaina txikiko esku-hartzeetaraino (hainbat herrialdetako garraio publikoa ordaintzeko txartel bakarreko sistema bat ezartzea, kasu). […] 

Hiriburuetako arnasguneak.
Unai Fernandez de Betoño · Arkitektoa | Gaur8, Naiz, 2016-12-10

https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2016-12-10-06-00/hemeroteca_articles/hiriburuetako-arnasguneak

Udalerri euskaldunenak biztanle gutxikoak dira oro har, salbuespen interesgarri batzuk alde batera utzita: Bergara, Bermeo, Arrasate, Azpeitia, Gernika, Hondarribia, Tolosa, Zarautz. Euskaldun-dentsitate baxuagokoak izan arren, ordea, Euskal Herriko hiriburuak ere funtsezkoak dira geure hizkuntzaren biziberritze-prozesuan, hiztun gehienak bertan bizi direlako, garelako: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean euskaldunok arnasgune geografikoetan baino sakabanatuago bizi arren, kopuruari dagokionez askoz gehiago gara. Horregatik da hain garrantzitsu hiriburuetako euskaldunen sakabanaketa espazial horren aurka lan egitea, baita hirigintzaren alorretik ere.

Testuinguru horretan ageri zaigu arnasgune soziofuntzionalen kontzeptua, besteak beste Kontseiluak landutakoa. Euskara nagusi diren espazioak ditugu arnasgune soziofuntzionalak, gizartearen funtzio jakin batekin lotura zuzena dutenak (hezkuntza, aisia, kirola…), non euskaldunen dentsitatea altua den, eta, ondorioz, euskaraz naturaltasunez egin daitekeen. Esan izan da ideia hori ez dela nahasi behar arnasgune geografikoen kontzeptuarekin, baina, egia esan, arnasgune soziofuntzionalek ere euskarri fisiko bat behar dute, leku zehatz batean garatu behar direnez. Eta, horren ondorioz, hirigintza-antolakuntzaren xede ere badira euskararen arnasgune soziofuntzionalok. Haientzako espazio fisikoak babestu, kudeatu eta antolatu behar direlako.

UEMAren definizioari jarraituz udalerri euskalduna izatera ailegatzen ez den Andoainen, kasu, ideia horren adibide bikain bat dago: Martin Ugalde parkea, euskalgintzako enpresa garrantzitsu askoren egoitza; alegia, euskararen I+G+B delakoaren «bikaintasun-polo» argi bat.

Hala izanda, zergatik ez da aintzat hartu, adibidez, Donostialdeko Lurralde Plan Partzialean? Beste sektore batzuekin (ohiko industria produktiboa, logistika, teknologia) egin egiten da, haien sustapen aktiboa eraginez. Tokiko hizkuntzaren industria ere urbanistikoki indartu beharko litzateke.

Dezente erdalduna den Gasteiz batean, hiriburu handiago bat hartzearren, badago adiera geografiko zehatza duen arnasgune soziofuntzional bat, egituraketa urbanistiko handiagoa beharko lukeena. Aiztogile kalea, Aihotz plaza, Oihaneder Euskararen Etxea, «Alea» astekariaren egoitza, gaztetxea, Auzolana pilotalekua eta Hala Bedi irratiaren egoitza, Gasteizko euskara-humusaren osagai funtsezkoak dira.

Hirigintza-ordenantzetatik erabilera batzuk mugatzen dira, eta beste batzuk sustatu, beraz, zergatik ez da euskara normalizatzeko ekimen urbanistikorik aurrera eramaten? Esandako arnasgune soziofuntzionala leku egokia litzateke, esaterako, Bai Euskarari ziurtagiria ateratzeko konpromisoa hartzen duten komertzioen ezartzeari lehentasuna emateko; edota Kafe Antzoki berria kokatzeko.

Hirigintza berrikuntza soziala eta lurralde-garapena bultzatzen saiatzen da. Euskararena ere esparru estrategikotzat jo beharko litzateke asmo horretan. Baita hiriburuetan ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario